Etxekide kooperatibak eraikiko du Nafarroako lehen ‘cohousing’ edo etxebizitza kolaboratiboen eraikin hori, eta gero Donibanen beste bat eraikitzeko proiektua esleitu dute, eta izapideak egiten ari dira.
Iruñeko Udalak Txantrean 25 etxebizitza kolaboratiboko Nafarroako lehen cohousing eraikina eraikitzeko lizentzia eman du: erabilera lagatzeko araubideko etxebizitzak dira, eta 65 urtetik gorakoei zuzenduta daude. Lizentziari esker, udan hasiko dira etxebizitzak eraikitzen, Aita Adoain kaleko udal-lurzati batean, Alemanes zonaldean, eta 2026. urtearen amaierarako amaituko dituzte lanak.
Joxe Abaurrea San Juan Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak proiektuaren garrantzia azpimarratu du; izan ere, proiektuak adinekoen zaintza eta autonomia ditu oinarri, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak sustatzen duten zahartze aktiboa ardatz hartuta. Ekimen horren bidez, Nafarroan egiten den mota horretako lehena, etxebizitza kolaboratiboen eredu berriak martxan jar daitezen errazten da, eta hala, etxebizitzen eredu alternatiboa jarriko da abian, adinekoen beharrak asetzeko komunitate-inguruneak sortuta. Iruñeko Udalak mota horretako ekimenen inguruko jardunaldi batzuk antolatu zituen 2017an, eta sektoreko beste entitate eta talde batzuekin batera, egitasmoaren oinarriak ezarri zituen; hala, proiektua oinarri horiek ardatz hartuta jarri dute martxan.
Higiezinen espekulazioa saihesteko formula
Etxekide gizarte-ekimeneko kooperatibak gauzatuko du proiektua, Nafarroako Gobernuaren deialdiaren adjudikazioduna baita cohousing hori garatzeko; halaber, kooperatiba horrek eskubidea izanen du Iruñeko Udalak 75 urtez lagatako Alemanes zonaldeko 6. Poligonoko 2101 katastro-lurzatiaren emakidarako. Eraikinak beheko solairu bat eta beste bi pisu izanen ditu, eta bertan, 50 metro karratu baino gehiagoko 25 etxebizitza eraikiko dituzte; eraikinak gune eta zerbitzu komunitarioak izanen ditu, hala nola sukaldea eta jangela, jarduera-aretoak, garbitegia, liburutegia eta topaguneak. Obra-lizentzian jasotzen den moduan, lanek 2.978.852,90 euroko aurrekontua izanen dute, eta 18 hilabete iraunen dute.
Erabilera lagatzeko etxebizitza kolaboratiboek jabetza kolektiboa eta erabilera indibiduala uztartzen dituzte. Egoiliarrak ez dira jabeak, baina etxebizitza mugarik gabe erabiltzeko eta gozatzeko eskubidea dute, hasieran egiten den diru-ekarpen baten eta hileko kuota eskuragarri baten truke. Eredu horrek komunitate-lankidetza eta jasangarritasuna ditu ardatz, eta partekatutako guneak eta erabaki kolektiboak sustatzen ditu. Gainera, higiezinen espekulazioa eragozten da, higiezin horien jabetza Iruñeko Udalari baitzaio
Etxebizitzen proiektu eta eredu alternatiboak
Aipatutako proiektuaz gain, Iruñeko Udalak beste lurzati baten jabari publikoko emakida adjudikatzeko lehiaketa publiko bat izapidetu zuen 2024aren bukaeran: etxebizitza kolaboratiboak sustatu eta erabiltzeko proiektu bat da, eta aurrez lizitatu zen eskatzen ziren baldintzak betetzen zituzten adinekoen kooperatiben artean. Etxekonak Bat izan zen adjudikazioduna, eta gaur egun obra-lizentzia izapidetzen ari da. Lurzatiak 4.076,44 m-ko azalera du, eta Azaroaren 25aren pasealekuarekin (iparraldean) eta familia bakarreko etxe-ilara batekin (hegoaldean) egiten du muga. Gainera, berritasun gisa, adjudikaziodunek etxebizitza nagusia Nafarroako Gobernuaren esku utzi beharko dute alokairu sozialeko poltsan sartzeko.
Iruñeko Udala, Etxebizitza Planaren esparruan, erabilera lagatzeko etxebizitza kolaboratiboak bultzatzen ari da, eta horretarako, etxebizitza-eredu horretako hiru lurzati jarriko ditu herritarren eskura. Etxebizitza kolaboratiboen hiru lurzati posible daude: bi Alde Zaharrean, kale Nagusiko 14.enean eta Descalzos kaleko 82.enean, eta bestea, Trenbideko kaleko 2.enean. Alokairu-erregimen egonkorra dutenek ezin izanen dute proiektuan parte hartu, eta kooperatibak irabazi-asmorik gabeko entitateak dira.
Etxebizitzen alternatibak Etxebizitza Eskuragarriaren Planean daude jasota, eta haien helburua etxebizitza eskuratzeko beste eredu batzuk ahalbidetzea da, egungo gizarte- eta hirigintza-joerekin bat datozen etxebizitzen alternatibak bilatuta. 2024ko otsaileko aurkezpenean 1.200 eta 1.600 etxebizitza artean sustatzea aurreikusi zuten, Donapeako garapena kontuan hartu gabe: hor eraikuntza berriko 5.000 etxebizitza eraikitzea aurreikusten dute, erdiak babestuak. Etxebizitza eskuragarriak sortzeko hainbat formula daude: besteak beste, alokairu soziala, babes ofizialeko etxebizitzak eta etxebizitza hutsak merkaturatzea.